Erabaki plataformaren dokumentu berria
BAKEA, ASKATASUNA ETA ERABAKITZEKO ESKUBIDEA
Egoera makalean bizi gara. Erabakitzeko eskubidea korapiloan geldituta dago Estatuak gizarteari hitza eman nahi ez diolako gai nagusietan. ETAk heriotzak eragiten ditu bake prozesua eragotziaz. Eskubide eta askatasun demokratikoak narriatuz doaz hainbat auzi irekita daudelarik eta botere judizial politizatuarekin. Nabarmenak dira bi arrisku, alegia, bideraezina den herria bilakatzeko, edota gure asmoen mailarik apalenean normalizatzeko.
Egoera honetan ez dirudi ganorazkoa egonean geratzea, Espainiako Gobernuak erabakitzeko eskubidearen alde egingo duelakoan, edo askatasunak garatzeko ibilbidea irekiko duelakoan, ezta ere ETAk aldebakarreko suetena iragarriko duelakoan. Ez dirudi zentzuzkoa ere erabakiak atzeratzeak bortizkeriarik ez dagoen arte, horrela jokatzeak haren jarraipena erraztu besterik ez baitu egiten. Itxarotea sasi-amets bikoitzean oinarrituko litzateke: ETAk deslegitimazioaren edo errepresioaren ondorioz amore emango duela; eta Estatua sinesmen propioz igaroko dela naziobakarrekoa izatetik nazioanitzekoa izatera.
ERABAKIk, gizarte mugimendu modura askotarikoa izanik, proposamena aurkeztu nahi dio herritar orori eta alderdi politikoei bidegurutzearen lau norantzatan.
a) Borroka armatua amaitzeko aldarria egiten diogu ETAri
Heriotzak eragiten dituzten ekintzak eta era askotako instalazioen aurkako lehergailuak zein herritar askoren aurkako mehatxuak gertakari eutsiezinak dira ikuspegi etiko batetik. Hala ulertzen du gizartearen gehiengoak. Baina, gainera, bere kabuz erabaki nahi duen herritargoari lekua kentzen dio, aitzakia erabilgarria ematen dio Estatuaren inmobilismoari erabakitzeko eskubideari dagokionean, eta eragozpen nabarmena da zenbait ekimen politiko bideratzeko edota indarrak biltzeko, arestian aipatutako helburuei begira.
Murrizketa demokratikoen aurka ahotsa jasotzen dugun bezala eskatzen dugu ETAren erasoen amaiera ere. Era berean eskatzen dugularik kale borrokako ekintzen bukaera ere.
b) Eskubide eta askatasun demokratikoen narriatzeari amaiera ematea eskatzen dugu
Askatasunak, Alderdien Legearen ezarpenaren ondorioz, ukatu egiten zaizkio biztanleriaren atal bati eta gainera judizialki kudeatzen dira euskal gurari politiko (Lehendakariaren eta PSOEko zein Batasunako buruzagien auzipetzeak elkarren artean biltzeagatik; Legebiltzarraren Mahaiko kide ohien aurkako zigorra, ...) zein kulturalen aurka (Egunkaria auzia...). Aipamen berezia behar du Batasuna eta ezker abertzaleko erakundeak legez kanpo jarri izanak, haien zuzendaritza osoa atxilotu izanak, ANV eta EHAKren jarduera eten izanak, 2008ko martxoko hauteskundeetara aurkeztu ere ezin izan dutelarik, beste batzuetan bezala, 18/98ko zigorrak, komisaldegietako torturak eta tratu txarrak ... Bake prozesu bat bideratzeko eta gatazka politikoa konpontzeko oztopo nabarmenak dira eta askatasun demokratikoen gainbehera dakarte.
Egoera honi oraintxe bertan amaiera eman behar zaio, absoluzioen bitartez, artxibatzearen bitartez edo ukatutako eskubide zibil eta politikoak berriro indarrean jarriaz.
c) Gatazka bere mutur guztietan gizatiartzea eskatzen dugu
Gatazka gizatiartzeak bi atal ditu: Biktimak eta giza-eskubideak.
Alde batetik eskatzen du aitortza, aintzat hartzea, babes publiko eta soziala ematea ETAren bortizkeria jasaten dutenei, gizarte zibileko sektoreei, alderdietako ordezkari eta arduradunei, irakasleei, magistratu eta epaileei...; eta modu berean Estatuaren bortizkeria injustuaren biktima izan direnei, indar parapolizialen eta eskuin muturrekoen biktima izan direnei. Lerro berean eskatzen du, bereziki, kartzela-politikaren aldaketa berehalakoa presoak gerturatzeko hauek familiak bizi diren herrietara, zigorraren hiru laurdenak bete dituztenak eta gaixorik daudenak aske utziaz, Parot dotrina indargabetuaz.
d) Loiolako aurreakordioaren edukiari, 2006ko urriaren 31n PSOE-PSE-EE, EAJ-PNV eta Batasunaren artean ontzat hartutakoari, berriro eustea proposatzen dugu.
Hura edukien, metodoen eta kudeaketa-egutegien aurreakordioa izan zen (“Elkarrizketa eta akordio politikorako oinarriak”), erabakitzeko eskubideari begira alderdi politikoen artean gauzatzeko. Denon artean heldu beharko litzaioke berriro aurreakordio horri, ados azaldu ziren une eta eduki horietan, alderdi desberdinen artean adostutako oinarrietan aurreratuena baita.
Izan ere alderdi desberdinen artean zenbait arlo garrantzitsutan inoiz lortutako adostasun maila handiena erdietsitako oinarririk aurreratuena baita.
Txosten horrek funtsezko edukiak zehazten ditu: Euskal Herriaren nortasun nazionala; euskal herritargoak hartuko dituen erabakiak Estatu espainolak errespetatuko dituen konpromisoa eta proiektu guztiak defendatu eta gauzatzeko ahalmena.
Metodologiak onartu egiten du lortutako akordioak eremu juridikoan sartzea; erakunde instituzional komuna sortzea aurreikusten du Euskal Autonomi Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko lurraldeetarako, jardun exekutiborako eta lege-proposamenerako eskumenekin; mahaietan hartutako akordioak Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Foru Parlamentuan zein Estatuaren Gorte Nagusietan onartu beharko ziren, erreferenduma ere egongo zen ...
Azken akordio-ibilbide horren egileak ez lukete esan behar orain txosten hark balio zuela suetena zegoelako bakarrik. Berdin litzateke onartzea Euskal Herria edo gatazka badirela suetena dagoelako bakarrik.
Akordio-proposamen hura akordio konpontzaile moduan barneratu eta garatu beharko litzateke eta horretarako beharrezkoak lirateke bortizkeriaren etena eta alderdi politiko guztien parte hartzea.
Martxoaren 8ko hauteskundeak igaro ondoren Rodriguez Zapatero presidentearen eskuetan dago gatazka bideratzea eta korapiloa ekiditea. Espainiako presidenteak ontzat emango balu bere alderdiak ere onetsitako akordio hori, ez litzateke behar Loiolan ezarritako bide-orria baino gehiago. Aurreakordio hori aitortzen ez bada edota erabakitzeko eskubidea bideratzen ez bada, guztiz zilegia litzateke herritarrei kontsulta berehala egitea subjektu politiko bezala erabakitzeko daukagun eskubidearen aitortzari buruz edota Loiolako edukiei buruz.
Lau norantza horietan ERABAKIk euskal gizartearen akordio zabala proposatzen du, barne-aniztasunetik eta idatzi honen oinarrietatik, alderdi politikoak bilduko dituena, baina baita gizarte mugimenduak ere, alegia, alor desberdinetako kidegoak, sindikatuak, elizak, unibertsitatea, hezkuntza alorrekoak ...
Laburbilduta, azaldutako erronkei eusteko lau goiburuak hauek lirateke:
- ETAren ekinbide armatua eten
- Eskubide eta askatasun zibil eta politikoak indarrean jarri
- Gatazka gizatiartu
- Bai Loiolako aurreakordioari, erabakitzeko eta kontsultatzeko eskubideari

Zabaldu
del.icio.us